2005/12/19

Hausnarketa eguna

Joan den ostiralean ez zen eskolarik izan HUHEZI fakultatean. Hausnarketa egin genuen, zer balore eta zer etorkizun-ikuspegi dugun fakultate moduan. Alegia, zerk mugitzen gaituen eta nora joan nahi dugun. Langile guztiok parte hartu genuen saioan. Goizean denok batera, hasteko, eta taldeka gero. Eta arratsaldean, talde ordezkariak lehendabizi, eta osoko bilkura ondoren, denon artean hitz egindakoaz jarduteko.

Egun aberatsa izan zen, ñabardura asko irten baitziren aztertzerakoan partehartzea, elkartasuna, pertsona eta euskaltasuna, horiek baitira gure baloreak gaur egun, hala nola eztabaidatzerakoan HUHEZIren eskaintza akademikoa.

2005/12/14

2GB txartel batean

Hasieran disketea izan zen. Gero CDa. Eta ondoren pen-drive delakoa. Tresnak informazioa gordetzeko. Orain, berriz, Wallet Flash etorri da, USB unitate bat, kreditu txartel baten tamainakoa, eta 2GB gordetzeko gai.



Wallet Flash hori karteran sar daiteke, beste txartelekin batera, alde bietatik sar daiteke USB portuan, eta 128MBtik hasi eta 2GBetara bitarteko neurrietan eros daiteke. Dagoeneko hainbat sari irabazi ditu, eta ez ginateke harrituko laster gure artean izango bagenu. Walletex enpresak egin du mirari moduko hau.

2005/12/13

Bisitak hedabideetara

Azken bi hilabete honetan 22 enpresa eta hedabide bisitatu ditugu, beraiei jakitera emateko zer ikasketa ditugun komunikazioarekin lotuak. Zehatz-mehatz esanda, era askoko erakundeak bisitatu ditugu:
Bisita hauek hiru helburu izan dute: guk geure karrerak jakinaraztea, komunikazioarekin zirukusia dutenak; haien iritziak entzutea, nolakoa izan beharko litzatekeen komunikatzaile on baten perfila; eta ikustea zer aukera dagoen elkarlanerako.

Erakunde guztiek oso harrera ona egin digute, eta prest azaldu dira elkarlanean aritzeko. Eskatu digute komunikatzaile "todoterrenoak" hezteko, alor guztietan lan egiteko modukoak.

2005/12/12

Zergatik Google

Interneti gagozkiola, askotan esaten da Google bilatzailean ez agertzea dela ez izatea bezala, to be or not to be. Baina badakigu zergatik den hori? S.G. Cowen enpresak azterketa bat egin du AEBetan, non galdetu baitie 1.000 Internet erabiltzaileri, eta horrek argitzen dizkigu arrazoiak.
  • Galdetutakoen %52k Google erabiltzen dute bilaketak egiteko. %22k Yahoo! aukeratu dute. MSN eta AOL erabiltzaileak, berriz, %9 dira. Beraz, Google da erabiliena sarean informazioa bilatzeko.
  • Google erabiltzaileak aberatsagoak dira gainerako bilatzaileak erabiltzen dituztenak baino, batez beste ia 50.750 euro aberatsagoak.
  • Google erabiltzaileek esperientzia oparoagoa dute Interneten, denbora luzeagoa daramate-eta sarean lan egiten.
  • Googlek darabilen publizitate sistema zabaldu egingo da gero eta gehiago gainerako bilatzaileetara ez ezik, baita sarean zehar.
Emaitza hauek indartu egiten dute enpresen artean dagoen ustea, alegia, ezinbestekoa dela Googlen agertzea. Informazio gehiago, hemen.

2005/12/07

ECREA sortu da, komunikazio ikertzaileen elkartea

Ramon Salaverria irakasleari irakurri diogu ECREA sortu berri dela, (European Communication Research and Education Association), komunikazio-ikertzaile sarerik zabalena Europan. Elkarteak hainbat atal ditu, gaika banatuta:
Informazio gehiago nahi duenak, galdera egin ahal dio Ramon Salaverriari berari, rsalaver@unav.es Informazio gehiago, hemen.

2005/12/06

Iragarpenak 2006rako

José Luis Orihuelak iragarpen zerrenda bat argitaratu du 2006rako eCuaderno bere blogean. Hamar iragarpen dira, aintzat hartzekoak teknologia berrien ikuspegitik.

2005/12/05

Firefox, urteko onena

PC World aldizkariak zerrendatu egin ditu 2005eko produkturik onenak, eta Firefox ezarri du puntaren puntan, *number one.* Bigarren GMail izan da, Googlen posta elektronikoa. Eta hirugarren Apple Mac OS X sistema eragilea, Tigrea.

Orain astebete aurkeztu zen Firefox nabigatzailearen azken bertsioa, Firefox 1.5, eta dagoeneko 2 milioi lagunek jaitsi dute. Horrela adierazi du Pascal Chevrel Mozilla Fundazioko arduradunak Europako hegoalderako.

Guk ere, Mirenek eta biok, joan den astean jaitsi genuen Firefoxen euskarazko bertsioa, eta pozik ari gara. Orain arte batez ere Safari erabili izan dugu, baina aurrerantzean seguru nago gero eta gehiago erabiliko dugula Firefox.

2005/12/02

Armiarma.com

Aurten Armiarma.com webguneari eman zaio Abbadia saria. Pozten gara, sekulako lana egin baitu horren atzean dabilen taldeak, euskaldunok sarean izan ditzagun euskal literaturari buruzko ahalik eta baliabide gehienak. Zorionak!

2005/11/30

Gure ikasleak hasi dira blogeatzen

Infokom-eko ikasleak, Informazio eta Komunikaziorako Giza Zientzien bigarren mailakoak, hasi dira blogak argitaratzen, eta horretarako ari dira erabiltzen Blogger plataforma doakoa. Lan horretan Bea Zabalondo eta Beñat Azurmendi irakasleak dituzte gidari.

Bea Zabalondorekin blog bat sortu dute, Mass Media, eta hor idazten ari dira Ryszard Kapuscinsky erreportari poloniar famatuaren liburu batek eragindako hausnarketak eta iradokizunak. Beak idazten du lehen komentarioa atal bakoitzean, eta gero ikasleek bakoitzak berea idazten du, erantzunetan.

Beñat Azurmendirekin, berriz, zazpi blog sortu dituzte, taldeka. Aprobetxaturik argazkigintza ari direla lantzen, ikasleak hasi dira historiak kontatzen, edo albisteak sartzen, argazkiak erabilita. Hauek dira:

2005/11/29

BBBilbo eta Technorati

Igandean ezin izan nuen parte hartu Irratia.com-ek Bilbon eratutako Blogs&Beers 2.0 euskal blogarion bilkuran. Hala ere, Sustatuk gonbidatuta, nik eta beste blogari zenbaitek idatzi genuen bilkura horretaz, eta horretarako sortu genuen etiketa berri bat: BBBilbo. Emaitza berehala ikus daiteke Technorati blog bilatzailean: Technoratik berehala jaso ditu BBBilbo etiketarekin jasotako artikuluak eta argazkiak.

Hortik ondoriozta daiteke inportantea dela etiketa egokiak sortzea (nazioartean gehien erabiltzen direnak besteak beste), bilatzaileek ondo jaso dezaten norberak idatzitakoa.

2005/11/28

Posta elektronikoaren gorabeherak

El País.es egunkariak elkarrizketa egin dio Jakob Nielsen erabilgarritasun adituari, zeinek azpimarratu baitu posta elektronikoak duen eragozpen bat, diseinatuta dagoen moduagatik.
Recomiendo desactivar esa característica (el buzón entrante) porque te obliga a mirar constantemente tu buzón. Si a un ratón de laboratorio se le proporciona comida cada vez que presiona una barra, y luego se hace que el alimento sólo caiga en algunas ocasiones, la rata pulsa aún más veces. Es exactamente lo mismo que sucede con el correo, porque aunque la mayoría de mensajes no es interesante, a veces uno lo es, de modo que cuando la campana del correo suena, el usuario acude y la productividad desciende. Hay que liberarse de ese comportamiento, no podemos eliminar la respuesta, pero si el estímulo.

2005/11/25

Blog erakargarria

Begira nolako blog polita: sinplea eta garbia. Erakargarria da, oso, eta irakurterraza. Biz Stonek erakutsi zigun non zegoen.

2005/11/24

Harry Potter

Artikulu hau esperimentu bat da. Ikusi nahi dugu izen oso ezaguna jartzeak artikuluaren izenburuan bisita gehiago erakarriko ote dituen blog honetara. Izan ere, Harry Potter puri-purian dago, oraintxe estrenatu baita sagaren laugarren filma, Harry Potter eta suaren kopa, zeinak lehen asteburuan 101,4 milioi dolar irabazi baitu.

Blogosferan ere hots handia ateratzen ari da film berriak, Technoratin ikus daitekeen bezala, blog askotan aipatzen baita pelikula.

2005/11/23

Posta elektronikoa, jarduerarik garrantzitsuena

AEBetan egindako azterketa batek dio amerikar erabiltzaileek jarduera hauek erabiltzen dituztela gehien Interneten dabiltzan bitartean:
  1. Posta elektronikoa
  2. Bilatzaileak
  3. Albisteak
Antza denez, horietatik bigarrena izugarri hazi da, %30etik %41era. Horrek esan nahi du orain amerikar internautek askoz ere gehiago erabiltzen dituztela bilatzaileak Interneten nabigatzeko. Eta bilatzaileen artean, gehien erabiltzen dutena Google da, zeinek baitauka bilatzaileen merkatuaren %46. Yahoo Search-ek baino dezente gehiago, azken horrek %23 du-eta.

Datu hauek Pew Internet & American Life Project erakundeak landu ditu, eta guk irakurri ditugu C/net aldizkarian.

2005/11/22

Lankidetza aztergai

Bukatu dugu ikastaroa, Metodologiaren inguruan egin beharrekoa, doktorego ikastaroaren barruan. Orain beste gai batzuk landuko ditugu. Doktorego tesirako HUHEZI aukeratu dugunok, zazpi lagunek, kooperatibismoa aztertuko dugu hiru hilabetean.

Hasteko, liburu bat bereiztu dugu, Lankidetza. Arizmendiarrietaren eraldaketa proiektua, Lanki ikertegiak argitaratua. Abenduaren 20rako irakurri behar dugu, eta egun horretan mintegi bat antolatu, hausnarketa egiteko liburuaren inguruan.

Hiru hilabete honetan metodologia horrekin egingo dugu aurrera: liburu bat aukeratu, irakurri, eta hausnarketak partekatu. Harik eta, ikastaroaren bukaera aldera, lan bat aurkezten dugun arte.

2005/11/21

Infoxikazioa

Informazio larregi jasotzeak informazio intoxikazioa eragin lezake, edo sarean deitzen zaion bezala, infoxikazioa. Bestela esanda, informazio larregiak eragin lezake hartzaileagan nolabaiteko ezintasuna informazio hori ulertu eta bereganatzeko.

Infomazioaren gizartean infoxikazioa arrisku erreala da, oso, izan ere, hedabideak ugaltzen ari dira etengabe (blogak soilik 20 milioitik gora dira), eta horren aurrean irakurleok askotan ez dakigu informazio hori guztia nola kudeatu eta geureganatu. Horretaz gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri Alfons Cornella irakaslearen artikulua.

2005/11/16

Flickr marketin erreminta gisa

Octavio Rojasek esana da, sortzen denean medio arrakastatsu bat, zeina milaka edo milioika lagunek erabiltzen duten, orduan marketin adituak berehala hasten dira pentsatzen nola erabili erreminta hori edozer gauza sustatzeko. Horixe gertatu da Flickr programarekin ere.

¡View Multimediak argazki sorta bat ezarri du Flickr-en, eta hor erakusten du bere softwarea argazkiak eta irudiak tratatzekoa, irudi katalogo bat, eta hainbat irakasgai software hori erabiltzen ikasteko. Argazki guztiak ondo azalduta datoz testu landuekin, eta loturak eskaintzen dituzte enpresaren webgunera.

Horrelako katalogo bat prestatzeak sekulako lana dauka, erabat egokitu behar baita Flckr-en formatura, baina emaitza oso ona da.

2005/11/15

MUniversitas aldizkaria jaio da

Mondragon Unibertsitateak aldizkari bat sortu du, MUniversitas. Urtean hiru ale kaleratuko ditu, 24 orrialderekin erabat kolorez, eta hiru hizkuntzatan. Tirada, ostera, 7.000 alekoa izan du aldizkari berriak.

Lehen zenbakiak gai nagusi bat du, Mendeberri hezkuntza proiektua. Elkarrizketa, berriz, Lander Belokiri eskaini zaio, Enpresa Zientzien Fakultateko dekano berriari. Horiez gain, aldizkariak denetik eskaintzen du: berriak, iritzi artikuluak, zerbitzuak, agenda akademikoa… Lehen zenbakiaren azalak ilustrazio bat dakar, Lorena Martinez artistak egina, Mendeberri proiektua irudikatzeko.

Arteman komunikazio agentziak egin du aldizkariaren diseinua, eta berak egin ditu, halaber, errealizazio eta publizitate lanak. Artemanek bere webgunean adierazi duen bezala, “diseinu mailan, erakargarritasuna, modernitatea, garbitasuna eta irakurgarritasuna lortzea izan da helburua”. Eta, benetan, helburua bete da.

2005/11/14

Zergatik blog bat?

Pablo Mancini aditu argentinarrak 19 arrazoi eman ditu zergatik, bere ustez, komunikazio eta kazetaritza ikasleek izan beharko luketen blog bat. Irakurtzekoa. Eskerrik asko Jose Luis Orihuela irakasleari informazioagatik.

2005/11/11

Wikipedia: Eroski, eztabaidagai

Iragan urriaren 19tik Wikipediak badu, gaztelaniazko bertsioan, sarrera bat Eroski kooperatibari eskainia. Badirudi hasieratik hainbat jende ez zegoela pozik sarrera horretan agertzen zen informazioarekin, eta, hori dela eta, zenbait aldaketa egin zaizkio.

Hala ere, aldaketak nahikoa ez, antza, eta orain sarrera bera zalantzan dago, berau ezabatzeko proposamena egin baitute, hor agertzen den informazioa funts gabea omen delako. Oraingoz ez dute sarrera ezabatu, bozketa egiten ari baitira irakurleen artean, berau ezabatu ala ez erabakitzeko.

Bistan da sarrerak informazio azalekoa ematen duela Eroskiren gainean. Beraz, badu zer hobeturik.

2005/11/10

Skype, sakelako telefonoetan

Accton Technology Corporation enpresak iragarri du sakelako telefono bat kaleratuko duela Japonian, eta telefono horrek Skype programa erabiliko du deiak egiteko, doan. Enpresak esan duenez, telefono berriak ahalmena du Interneten haririk gabeko konexioak egiteko, eta, horiek erabilita, telefono deiak egiteko Skype duten beste aparailu batzuetara.

Telefono berriak sekulako arrakasta izan lezake, bat ere ondo baldin badabil noski, zeren dagoeneko 54 milioi lagunek erabiltzen dute Skype munduan, doako deiak egiteko, horietarik asko enpresak. Oraindik ere Skype doan jaitsi daiteke ordenagailura, gero hortik doako deiak egiteko, ADSL lineak erabilita.

Skype edukita, noiz arte segitu Telefonicaren, Euskaltelen eta enparauen patrikak gizentzen?

2005/11/09

Jardunaldiak: Elkarrekin Ikasi

Azaroaren 11n, ostirala, Elkarrekin Ikasi izeneko jardunaldiak egingo dira Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, HUHEZIn.

Helburuak
Jardunaldi horien helburuak dira sendotzea unibertsitatearen eta eskolaren arteko loturak, azpimarratzea komunitate zentzua hezkuntza maila guztien artean, aztertzea prozesu didaktiko berritzaileak eta bidek jartzea irakaslearen hezitzaile rola indartzeko.

Egitaraua
Jardunaldiak goizeko 09:00etan hasiko dira HUHEZIko areto nagusian, eta arratsaldeko 14:00ak arte iraungo dute.

09:00 Aurkezpena: Joxe Mari Aizega, errektoreorde akademikoa MUn.
09:30 Cristina Garre eta Ines Gonzalez (Artatse Ikastetxea): Elkarrekin ikasi.
10:30 Atsedena, kafea.
11:00 Pilar Etxaniz (Antzuolako Herri Eskola): Elkarrekin ikasten ikasi.
12:00 Pili Sagasta (HUHEZI): Ikaskidetzan ardaztutako ikaskuntza.
13:00 HUHEZIko ikasleen testigantza.

Jardunaldiok doakoak izango dira. Informazioa jaso eta izena emateko, bidali mezu bat Ainara Aranbarriri, edo idatzi mezu bat helbide honetara: info@mondragon.edu

2005/11/08

Ekosistema digitala

Luistxo Fernandez lagunari esker izan dugu liburu honen berri, El ecosistema digital: Modelos de comunicación, nuevos medios y público en Internet. Liburuak hamabost artikulu jasotzen ditu, zortzi adituk eginak, batzuk iragan maiatzean Valentzian egin ziren jardunaldi batzuetan aurkeztuak, eta beste batzuk propio idatziak liburu honetarako.

Hiru atal nagusi ditu liburuak: modeloak, hedabide berriak eta publikoa. Berauetan, berriz, gai asko jorratzen dira: Internet bidezko komunikazioa, blogak, kultura digitala on line, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, zentsura…

Liburua PDF formatuan dator, eta doan jaitsi daiteke, osorik (375 orrialde ditu) nahiz artikuluka, Creative Commons lizentziarekin dator eta. Democracia y Poder analisi taldearen lehen liburu digitala izango da hau. Kontuan hartzekoa.

2005/11/04

Nola erabili Google

Denok dakigu hitz bat idazten Google bilatzailearen laukian eta, gehienetan, hori nahikoa izaten da bilatzen duguna aurkitzeko. Baina zenbaitetan, gauzak zaildu egiten dira, eta, horrelakoetan, ondo etortzen da jakitea zenbait aholku eta trikimailu Googleri ahalik eta etenik handiena ateratzeko.

Microsiervos webguneak aholku zerrenda bat eskaini digu, nola erabili Google. Aprobetxatu.

2005/11/03

Iritsi da USB adimentsua

Gailu txikiak dira, supiztekoaren tamainakoak zenbaitetan, baina bere barrenean dokumentuak ez ezik, programak ere gorde ditzakete, edo ordenagailu baten mahaigainekoa. “USB adimentsuak” deritze, aurten bertan sortu dira, eta aldaketa handiak ekar ditzakete nola darabilgun ordenagailua.

Lehendik ere ezagutzen genituen USB drive deiturikoak, zeinak baitarabilte “flash” memoria, diskorik erabili gabe. Aurten bertan horietako 85 milioi ale salduko dira munduan, eta datorren urtean 115 milioi. Arinak dira, fidagarriak eta erosoak dokumentuak PCrik PC garraiatzeko. Baina orain etorri dira USB adimentsuak, zeinek eramango baikaituzte urrats bat harago, izan ere, gailu horiei esker bidaiatuko dugu geure dokumentuak aldean daramatzagula, baita aplikazioak eta gure gustuko mahaigainekoa, geure ordenagailuan erabiltzen duguna.

Horrela, inoren ordenagailuan sartzen garenean, nahikoa izango dugu geure USB adimentsua sartzea, ordenagailu hori erabat pertsonalizatzeko, guk nahi bezala. Ateratzen dugunean, berriz, ordenagailua lehengo moduan geratuko da, gure dokumentuen arrastorik gabe.

Lehendik ere idatzi izan dugu Gizakom honetan bertan gailu horien gainean, bizkar zorro digitalaz, baina orain horretaz gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri hemen.

2005/11/02

Blogariak irrati-telebistetan

Juan Varelari irakurri diogu: Localia TV, Prisa taldeko telebista lokalak, saio bat sortu du, T/Blog, eta hor lau blogari espainiar arituko dira blogen gainean hitz egiten. Concha García Campoy esatariak ere beste horrenbeste egiten omen du bere irratian, joan den sasoia ezkero.

Euskal Herrian, guk dakigula, euskal telebistek ez dute oraindik tarterik sortu blogen gainean hitz egiteko, ez ETB1ek, ez eta euskaraz lan egiten duten herri telebistek ere.

Euskadi Irratiak izan zuen tarte bat larunbatero teknologia berriez hitz egiteko, Patxi Gaztelumendiren ardurapean, baina dagoeneko desagertu da. Irratien artean, seguruenik, Irratia.com izango da bakarra gai hori jorratzen duena maiztasun jakin batekin. Zorionak, bide batez, Irratia.comi, oraintsu bost urte bete berri ditu-eta.

Egunkarien artean, Berriak badauka tarte bat egunero, Blogteka, eta hor egunean blog batean agertutako artikulu bat ateratzen du. Jakin aldizkarian, bestalde, agertu ohi da hainbat informazio blogen gainean, Patxi Gaztelumendik idatzia.

Oraindik argi dago blogak bazter fenomeno bat direla euskarazko hedabideetan. Noiz edo behin agertzen dira, baina ez modu jarraian, eta ahots propioarekin.

2005/10/28

Blogosfera, gaur

Gaur egun 19,6 milioi blog daude munduan, eta egunean 70.000 blog sortzen ari dira Interneten, segunduko blog bat. Horixe dio David Sifryk bere blogean. Hazkunde izugarria. Ez da harritzekoa, hortaz, blogak jende askoren ahotan izatea.

Hauek dira, laburbilduta, Sifryk emandako datuak, urriaren 6an bertan egin zuen hitzaldi batean. Guk Felix Gerenabarrenari esker jakin dugu horien berri:

  • 2005eko urrian Technoratik 19,6 milioi blog sailkatu zituen.
  • Bost hilabetez behin blog kopurua biderkatu egiten da.
  • Blogosfera da, gaur egun, orain hiru urte halako 30 handiagoa.
  • Egunean 70.000 blog sortzen dira.
  • Segundu bakoitzero blog bat sortzen da.
  • Egunero sortzen diren blogen %2-8 sasiblogak dira edo spam blogak.
  • Egunero 700.000 eta 1,3 milioi artikulu idazten dira blogetan.
  • Orduro 33.000 artikulu argitaratzen dira blogetan, 9,2 segunduro.
  • Egunero ikusitako artikuluen ia %6 spam dira.

2005/10/25

Larriminarekin gosaltzen

Aurreko egun batean produktore batekin izan ginen hizketan, Ikus-entzunezko Komunikazioa dela eta. Piztuta zeukan ordenagailua, eta orduan iritsi zitzaion mezu bat, bezperako audientziekin. “Hauxe duk eguneko unerik gogorrena, aztertzen dugunean guk egindako programek zer harrera izan zuten bezperan. Egunero gosaltzen dugu larrimin horrekin”.

Hainbat dokumentu zituen irekitzeko zain, denak PDF formatuan. Bi errepasatu zituen gurekin batera, EAEko audientziei zegokiena, eta Espainia kontuan hartzen zuena.

“Ikusten dugunean gure saio batek behera egin duela, berehala jartzen gara lanean, erantzun bizkor eta eraginkorra bilatu guran. Ez dakizue nola aldatu den mundu hau: gaur egun ez dago lekurik bihozkadentzat. Asmatzen duzu, edo zure programa pikutara doa ziztu batean”.

Bisita hark balio izan zigun hobeto ulertzeko ekoiztetxeen mundua.

2005/10/24

Kalean da OpenOffice.org 2.0

Bi urte behar izan ditu prestatzeko, baina, azkenean, kalean da OpenOffice.org 2.0 software librean oinarrituriko office paketea, oraingoan, gainera, datu base eta guzti. Microsoft Office paketeak gero eta aurkari gogorragoa du merkatuan.

Nahi duenak doako programaren azken bertsioa jaitsi, oraingoz ingelesez bakarrik, aukeran izango ditu Windows, Linux eta Solaris sistema eragileentzako bertsioak. Mac OS X darabiltenek, aldiz, itxaron egin behar apur bat gehiago.

Hainbat enpresa eta programatzaile independente aritu dira OpenOffice.org 2.0 prestatzen, tartean Sun, Novell, Red Hat, Debian, Propylon eta Intel. Zenbait gobernuk, gainera, garbi adierazi dute OpenOfficen alde daudela, eta horrek sekulako indarra eman dio proiektu osoari.

Datu basea eskaintzeaz gain, office pakete berriak hobetu egin du bateragarritasuna Microsoft Officekin eta birdiseinatu egin du interfazea.

OpenOffice.org taldearen euskal adarrak eskubete lan izango du pakete berria euskaratzen.

2005/10/21

Abiatu da doktorego kurtsoa

Atzo bildu zen Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoan, Arrasaten, talde bat doktore gaiez osatua, zeinek bi urtean ikastaro bat egingo baitute metodologia lantzeko, nola egin doktore tesi bat.

Hogeita bederatzi doktore gai bildu ziren, 29, gehienak Mondragon Unibertsitatekoak. Horien artean, ingeniariak ziren nagusi, Goi Eskola Politeknikoan dabiltzanak, baina baziren beste fakultateetakoak ere, tartean HUHEZIko lau. Sexuari dagokionez, %55 gizonezkoak dira. Eta 29 horietatik, oraingoz 6k bakarrik dute asmoa doktore tesia euskaraz egiteko, hau da, doktore gaien %20k. Gainerakoek gaztelaniaz egingo dute.

Hasteko, lau ostegunez egun osoko ikastaroak emango ditu Elena Auzmendi irakasleak, metodologia lantzeko.

2005/10/20

Internet irudikatzen



Hona hemen liburu interesgarri bat ulertzeko Internet zer den eta norantz doan: Imagining the Internet: Personalities, Predictions, Perspectives. Janna Quitney Andersonek idatzi du, eta hainbat jenderen arreta erakarri du.

1990. urte inguruan hainbat iragarpen egin ziren, adibidez, pribatutasuna galduko genuela, baita jabegoa gaur egun ulertzen dugun moduan, paperik gabeko gizartea, telebistak 500 kanalekin bereizmen handikoak, eta robotek ordezkatuko zutela gizateria. Liburu honek aztertu egiten ditu iragarpen horiek, eta esan zertan geratu diren. Komunikazioen historia laburbiltzen du, eta jaso futuristen, zientzialarien eta teknologoen iragarpenak, nondik nora egingo duen teknologiak, eta bereziki Internet.

2005/10/18

Kritikak Googleri

Jende asko haserre dago Google enpresarekin, horren Blogger/Blogspot plataforma (eta blog honen etxea) bihurtu delako spam edo eskatu gabeko publizitate zabaltzailerik handiena blogen artean,.

Chris Pirillo blogari ezagunak, adibidez, artikulu gogor bat idatzi du, eta bertan eskatzen dio Googleri ken dezala Blogspot, horixe baita Blogger plataformaren zerbitzaria, eta splog (blogetan zabaltzen den spama) guztiaren zabaltzailea.

Dan Gillmor aditua ere bat dator Chris Pirillorekin, kritikatu egiten du Google, eta, bide batez, alderatu Microsoftekin, honek bezala, bilatzailearen konpainiak ezer ez baitu egin arazoa konpontzeko.

Gu konturatuta gaude spam oldearekin, Gizakom blog honetan ere lapak baino gogorrago itsasten baitira eskatu gabeko iragarki nazkagarriak, batez ere erantzunetan. Ea bada Googlek zerbait egiten duen sploga konpontzeko.

2005/10/17

Euskal blogosgera osatzen ari da

Azken aldian blog komunitate gehiago plazaratu dira euskal blogosferan: Uztarria.com orain dela gutxi, eta Berria egunkariarena gaur bertan. Ongi etorririk beroena bioi!

Azpeitiarrek bederatzi blog sortu dituzte, gehienak pertsonalak, eta, Uztarriak berak aspaldi erakutsi duen tradizioari eutsiz, irakurleak parte handia hartzen ari dira erantzunetan. Urola alde horretan jendea gustura dabil Interneten, eta blog komunitateak aberastu egingo du horko ahots polifonia.

Berriak, berriz, hamaika blog ekarri dizkigu, gehienak bertako kazetariek eginak, gaika. Bertan salbuespenak izango dira Anjel Lertxundi eta Mikel Elortza, zutabegile moduan eskarmentu handikoak. Atzoko Berriak zioenez, “irakurlearekin harreman zuzenagoa eta interaktiboagoa bultzatzeko formula da” blogena.

Correok ere antzeko ahalegina egin zuen orain astebete pasatxo. Beraz, esan liteke egunkariak alor berriak probatzen ari direla; nahiago dute berrikuntzak probatu eta ikasi, kanpoan gelditu baino. Horren harira, “Berandu gatoz, baina seguru”, dio Idurre Eskisabelek Sustatun. Gure ustez, berriz, inoz ez da berandu, gaurtik orain euskal blogosfera aberatsagoa baita.

2005/10/14

Blogintzaren geroa ote?

TypePad blog plataformak proiektu ausarta du etorkizunari begira: Comet proiektua, eta datorren urtearen hastapenetan plazaratuko du. Konpainiaren helburua da blog zaletasuna publiko zabalera hedatzea, eta horretarako adierazi du uztartuko dituela TypePad beraren ahalmena, LiveJournal-en komunitate arloa, eta Movable Typek azken urteotan bildu duen esperientzia.

Comet proiektuak azken teknologiak uztartuko ditu, adibidez:

1. Komunitate multzokatzea. Aukera emango dizu blogak egiteko eta horietako hainbat atal partekatzeko beste erabiltzaile batzuekin, modu dotorean egokituta.

2. Jario askotarikoa. Zuri gehien inporta zaizun guztia, leku batean. Zure bizitzaren historia sortuko duzu, hainbat hedabidetatik ekarritako jarioak bilduta, hala nola, musika, argazkiak eta bideoak, dena blog bakar batean, neurrira egina.

3. Pribatutasuna. Utziko dizu erabakitzen nork ikusiko duen zer zure blogean, ahaztu gabe pasahitz bidezko babesak, blog osoak zaintzeko.

Gehiago jakin nahi baduzu Comet proiektuaren gainean, irakurri Mena Trott-en azalpenak, berau baita TypePad enpresako sortzailetariko bat.

2005/10/13

Bizkar zorro digitala

Badira zenbait ikastetxe AEBetan, Eastside Preparatory School adibidez, Kirklanden, Washingtonen, non irakasleak hasi baitira eskolako materiala banatzen oso beste modu batean, pen drive direlakoen bidez.

Bizkar zorro digitalak ere deitzen diete gailu txiki horiei, eta eskolak horiek erabiltzen ditu ikasleei irakurgaiak banatzeko —eleberriak zein antzerki lanak—, testu liburuak, hiztegia, software berezia, edozer ia. Hori guztia erraz sartzen da pen drive horren flash memorian, eta erraz konektatu edozein ordenagailutan, USB sarbideak erabilita.

Flash memoriaren prezioak jaitsi ahala, bizkar zorro digital horiek tresna ahaltsu bihurtu dira, halako moldez non aldatu egin baitezakete nola elkar eragiten dugun ordenagailu pertsonalekin. Gaur egun erraz eros daiteke 1GBeko pen horietako bat 100 dolarretan, eta hor dokumentuak ez ezik, software programa osoak eraman daitezke.

Edozeinek eraman dezake pen drive horietako batean Skype programa, adibidez, eta, Kroazian ari dela oporretan, nahikoa du ziberkafe batean ordenagailu bat hartu eta etxekoekin hitz egin, bizkar zorro digitalean daraman programa erabilita, nahiz eta ordenagailuak berak ez eduki Skype instalaturik.

Gehiago jakiteko, irakurri artikulu hau.

2005/10/11

Obaba eta komunikazio ikasleak

Larunbat honetan, hauxe irakurri nion Joxemari Iturralde idazleari bere asteroko orrian, Mugalari gehigarrian, Gara egunkariaren barruan:
Montxo Armendarizen “Obaba” filmean neskato baten peripezia kontatzen zaigu liburutik hartutako hiru istorio nagusiak lotzeko aitzakia gisa. Neskato horrek, ikasten ari den ikus-entzunezko ikastaroa gainditzeko, lan bat egin behar du eta horregatik, kamara bat hartu, Obabara iritsiko da hiruzpalau egun pasatzeko asmoz.

Gure ikasleekin gogoratu nintzen, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikastera etorri direnekin, horiek ere egin beharko dituzte-eta horrelako lanak behin baino gehiagotan ikasketak egin bitartean. Ez dakit euretariko zenbatek ikusi duten “Obaba”, baina badakit irakasle batek baino gehiagok aipatu dietela filma, ohartarazteko batez ere Iturraldek goian aipatzen duena, neskato batek ematen diola batasuna filmari, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari den neskato batek. Beraiek bezalako batek.

2005/10/10

Backlinks: loturen jarraipena egiteko

Konturatu bazarete, joan den astea ezkero, Blogger plataforma backlinks hasi da eskaintzen, beste zerbitzu bat, plataforma hori erabiltzen dutenek jakin dezaten zer lotura egin diren blogosferan norberak idatzitako mezuekin.



Lotura horiek agertuko dira artikuluaren azpian, eta erantzunen ondoan. Horretarako, baina, norberak aktibatu egin behar du aukera hori Bloggerren aginte koadroan, klik eginez Settings erlaintzean, eta gero comments atalean. Nahi izanez gero baclinks aktibatu, aukeratu show, erakutsi.

Hortik aurrera, baten batek lotura egiten dionean zuen artikulu bati, hortxe agertuko zaizue. Klik egin bertan, eta ikusiko duzue zer testuingurutan egin duten lotura

2005/10/06

Nola hedatu euskal blogosfera?

Euskal blogosfera zabalduz doa, baina oraindik blogari gutxi gabiltza hor. Nola bilakatu fenomeno masibo ez bada, bai gaur egun baino dezente zabalago? Nire ustez, horretarako sortuko beharko litzateke blog zerbitzu automatikoa, beste batzuek dituztenen tankera.

Hasieran Sustatu zen, lehen euskarazko bloga, baina, denborak aurrera egin ahala, sustatukide askok bakarrik hegan egiten ikasi, eta hasi ziren beren kontura blogeatzen. Lau urtean blog dezente sortu dira euskaraz, gehienak pertsonalak, begira bestela Eibar.org eta Goiena.net blog komunitateetan, eta, baita Uztarriaren blog komunitate berri-berrian (ongi etorri zuei ere!), baina oraindik lau katu gara, nolabait esatearren.

Zerbitzu automatikoa
Orain blog bat egin nahi duena euskaraz, nahi izatera horretarako erabili euskarazko plataforma bat, haiekin jarri behar da harremanetan (Eibar.org, Goiena.net edo Uztarriarekin, esate baterako), hitzartu ikastaro labur bat, eta orduan hasi blogeatzen. Bide horrek emaitza onak eman ditu orain arte, baina begitatzen zait hemendik aurrera beste bide bat ireki behar dela, errazagoa.

Bide horretan, euskal plataformek eskaini beharko lukete sistema automatiko bat blogak sortzeko, Blogger eta La Coctelera plataformek eskaintzen duten legez. Hiru pauso egin, eta kitto! Horrela, gazte mordo bat sartuko litzateke blogeatzen, zuzenean beren etxeetatik, eta euskal blogosfera nabarmen haziko litzateke. Orduan bai, izango luke masa krititiko nahikoa.

2005/10/05

Hutsegiterik handienak web diseinuan

Jakob Nielsenek argitaratu berri du zerrenda bat, hutsegiterik handienak web diseinuan:

  1. Irakurgarritasun arazoak letratipo txikiegia delako, tamaina finkokoa edo kontraste eskasekoa.
  2. Lotura estandarrik ez: azpimarrarik ez, bereiztu barik bisitatutako guneak eta bisitatu gabeak, JavaScript…
  3. Flash.
  4. Edukia idatzi ez dena Interneten pentsaturik.
  5. Bilaketa traketsak.
  6. Bateragarritasunik ez hainbat nabigatzailerekin.
  7. Formulario luzeegiak eta konplikatuak.
  8. Informaziorik ez harremanetarako, edo enpresaren gainean.
  9. Diseinu zurrunak zabalero finkoarekin.
  10. Gaizki anpliaturiko argazkiak.

Microsiervos webgunetik jaso dugu informazio hau, Maite Rementeriak bidalita. Eskerrik asko, Maite!

2005/10/04

Kazetaritza euskaraz

Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu berri du Kazetaritza euskaraz: oraina eta geroa izeneko liburua, PDF formatuan. Liburua osatu da Kazetaritza Euskaraz izeneko jardunaldietan aurkeztutako hitzaldiekin.

Gorkaren ikasbitakoran irakurri dugunez, honako irakasle hauek prestatu dute materiala: Marian Gonzalez Abrisketa, Arantza Gutierrez Paz, Idoia Torregarai, Ana Urkiza, Aitor Zuberogoitia, Mikel Arrieta, Jose Inazio Basterretxea eta Txema Ramirez de la Piscina.

Nahi baduzue liburua zuen ordenagailura jaitsi, saguaren eskuineko botoiarekin sakatu lotura honetako liburuaren irudian, eta gorde fitxategia: 2,5 MB ditu.

2005/10/03

Sustatu, puntaren puntan

Sustatu 39. tokian dago Alianzo Networks enpresak eratu duen sailkapenean, Espainiako blog eraginkorrenekin. Sailkapen horretan, gainera, Sustatu da blog bakarra gaztelaniaz idatzita ez dagoena.

Sustatuk berak adierazi duen bezala, “seguruenik, katalanaren indarra ikusita, egon behar dute hortik beste blog batzuk hizkuntza hartan geureak baino eragin handiagoa izango dutenak. Baina ez dira ageri”.

Sailkapen horrek izan ditzake oraindik zuzendu beharreko zenbait xehetasun, baina emaitzak ez daude bat ere gaizki Sustaturentzat, kontuan hartuta gure blog dekanoa euskara hutsean egiten dela, eta, beraz, bere irakurle potentzialak 600.000 lagun direla, euskara dakigunok. Ordea, sailkapen horretan agertzen diren gainerako guztiek 300.000.000 irakurle potentzial dituzte, munduan gaztelania hitz egiten dutenak.

Zorionak, bada, Sustaturi, datu horiek berretsi egiten baitute haren kalitatea eta eragina.

2005/09/29

Globalizazioa eta Autoeraketa

Joan den asteartean "Globalizazioa eta Autoeraketa" liburua aurkeztu zen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean, HUHEZIn. Liburua elkarlanean egin dute unibertsitate publikoaren (EHU) eta unibertsitate kooperatiboaren (MU) artean, zehazki, Lanki eta Gezki institutuek.

Liburuaren egileak
Liburuak gogoeta zabala egiten du globalizazioaren inguruan, eta ekarpen berria egiten du autoeraketaren inguruan, atal horretan kooperatibismoa hartzen baitu kontuan. Lau irakaslek idatzi dute lana, euskaraz:
  • Mikel Zurbano. EHUko ekonomia irakaslea, eta Gezkiko partaidea.
  • Antxon Mendizabal. EHUko ekonomia irakaslea eta Gezkiko partaidea.
  • Jon Sarasua. HUHEZIko pentsamendu irakaslea eta Lankiko partaidea.
  • Ainara Udaondo. HUHEZIko irakaslea eta Lankiko partaidea.

Mamia
Liburuak bi atal nagusi ditu, eta bakoitzak globalizazioaren hainbat arlo aztertzen ditu.

Lehen atala
  • Pentsamendu sozioekonomikoa
  • Globalizazioa
  • Munduko ekonomiia gaur egun
  • II Mundu Gerraren ondoko eredu sozioekonomikoak
  • Oinarriak eredu berrirako

Bigarren atala
  • Autoeraketa
  • Lau ideia autoeraketa gaur egun kokatzeko
  • Autoeraketa ekonomikoaren potentziala eta mugak

Horrekin guztiarekin, egileek gogoeta eta eztabaidarako marko bat eskaini nahi diote unibertsitate irakurleari, berarengan pentsaturik idatzi baitute liburua.


2005/09/28

Komunikazioa helburu




Iritsi dira gazteenak, Ikus-entzunezko komunikazioa ikastera etorriak. 38 dira guztira, eta dagoeneko hasi dira eskolatan. Guk astelehenean atera genien argazkia, lehen eskola egunean, artean lur hartu gabe zeudela.

Lau urte dituzte aurrean, bi ziklotan banatuta, eta helburu bat: komunikatzaile bihurtzea. Ilusiorik, behintzat, ez zaie falta. Eta guri ere ez. Ongi etorri!

2005/09/27

Euskal Jakintza

Jakintza Ikastolako zenbait ikaslek eta irakaslek, zehazki DBHO 2koak, blog bat sortu berri dute, Euskal Jakintza, eta hor hasi dira beraien gauzak plazaratzen, denetik apur bat: liburuak, komikiak, albisteak… Oso itxura ona du Euskal Jakintzak.

Nor Gara atalean garbi adierazi dute zer helbururekin sortu duten bloga:
Gure asmoa euskara ahalik eta gehien erabiltzea izango da, bai ahoz baita idatziz ere. Gauzak horrela, ideia ona iruditu zaigu hizkuntzaren erabilerarako oinarri gisa blog hau erabiltzea! Euskara eta teknologia berriak bikote ederra osa dezaketela pentsatzen dugu eta ideia hori aurrera eramateari ekin nahi diogu.

Helburu horietan lagungarri, hainbat baliabide ipini dituzte blogaren eskuineko zutabea, jendeak erabil ditzan kontsultak-eta egiteko, hala nola hiztegiak, EGA ariketak eta azterketak, hautaprobak, hizkuntza jokoak, kritikak, informazioa euskal idazleei buruz, etab.

HUHEZIko Giza Zientzia departamendutik agurrik beroena Euskal Jakintzako taldeari, eta zorionak, egin duen blog ederrarengatik.

2005/09/25

Writely

Writely
Gaur Writely aurkitu dut, programa bat testuak idazteko, Word eta TextEdit bezalakoa, baina Writely ez dago nire ordenagailuan, baizik eta sarean. Artikulu hau berau Writelyn idatzi dut osorik, eta gero zuzenean argitaratu blog honetan.

Harrituta geratu naiz zein erraza den berau erabiltzea. Artikulu hau hemen argitaratzeko, pauso hauek eman ditut:

  • Writely horren webgunera joan.
  • Izena eman.
  • Erantzun postara etorri zaidan mezuari, baieztatzeko nik eman dudala izena.
  • Idatzi artikulua.
  • Zuzenean argitaratu Writelytik Gizakomera.

Hori guztia egiteko ezin izan dut Safari erabili, oraingoz Writely ez baitabil nire eguneroko nabigatzailearekin. Firefox erabilita, ordea, dena bikain joan da.

Primeran elkarlanerako
Writelyk badu ezaugarri bat oso garrantzizkoa: aukera ematen du hainbat lagunek lan egin dezaten dokumentu berean. Beraz, taldeetan oso erabilgarria izan daiteke. Nik dagoeneko sortu dut horrelako dokumentu bat, eta bi laguni bidali diet, dokumentua osa dezaten.

Writely, gainera, erabilerraza da, oso, erabiltzeko. Itxura garbia du, ulerterraza, eta malgua. Oraingoz musutruk erabil daiteke, ezer ordaindu barik, gutxienez beta moduan dabilenean, hau da, proba gisa. Gero beharbada hasiko dira zerbait kobratzen, zenbat erabiltzen den.

Bukatzeko, gomendio bat: ahal baduzue, probatu.

2005/09/21

Jainkoa ere, pokastinean

Elizak beti erakutsi du begi ona teknologia berriak bereganatzeko. 1931n Eliza Katolikoak Vatikano Irratia sortu zuen, zeinak gaur egun zabaltzen baitu bere mezua 34 hizkuntzatan. Eliza Ebangelikoak, bestalde, irratia bai, baina telebista landu du bereziki, AEBetan. Gaur egun, berriz, Ipar Ameriketan 500etik gora elizak hedatzen dute beren mezua pokastina erabiliz.

The New York Times egunkariak azaltzen du nola ari den zabaltzen pokastina AEBetako elizen artean, parrokia txikietan zein handietan. Kristau batzuek gimnasioan entzungo dute beren abadearen igandeko sermoia, edo paseatzen ari direla, edo automobilean, lanera bidean. Ulertzekoa denez, abade gazteak ari dira pokastina egiten.

Zer da, baina, pokastina? Pokastina Adam Curryk ezagutarazi zuen 2004an, eta beronen bidez edozeinek —afizionatua izan, nahiz irrati profesionala— sortu ahal ditu audio artxiboak, irratsaio baten tankerakoak, jendea harpidetu dadin eta entzun ditzan ordenagailuan eta edozein mp3 musika jogailutan (ez derrigorrean ipotx batean), nahi duen unean eta tokian.

2005/09/20

MUren ikasturte hasiera, luzeegia

Atzo ikasturte hasiera ofiziala egin zuen Mondragon Unibertsitateak Oñatin, Santa Ana aretoan. Eta hantxe izan ginen, agintariez eta kazetariez gain, hiru fakultateetako irakasle dezente. Eguraldia, primerakoa; aretoa, egokia; eta ekitaldia, luzea. Horrelakoxeak izan ziren goizeko ordu horiek.

Eguraldiarekin eta aretoarekin, beraz, aitzakiarik ez. Baina ekitaldiaz esango nuke gauzaren bat edo beste. Adibidez, gure agintariek hobeto komunikatu beharko luketela, ez baitago zertan bihurtu ikasturte hasiera adreilu jasangaitz eta aspergarri.

Mahaian zortzi lagun egon ziren, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria tartean. Horietatik, baina, bost lagunek hitz egin zuten. Eta horietaz gain, seigarren batek ere egin zuen berba, ekitaldiari zegokion ikasgai magistrala emateko. Ikasgai magistrala eta MUko lehendakariaren txostena luzeak izan ziren, batez ere lehena. Gainerakoak, luze ibili ez baziren ere, ez zuten giroa larregi arindu.

Nire iritziz, hiru lagunek hitz eginda, nahikoa litzateke: ikasgai magistrala eman behar duenak, errektoreak, eta lehendakariak. Eta, hala ere, inor ez litzateke iritsi behar 40 minutura, atzokoan gertatu zen bezala.

2005/09/19

Blog bilatzaileak

Ugaltzen ari dira blogak, egunero milaka. Nola, orduan, egin horien jarraipena? Gero eta tresna egokiagoak sortzen ari dira kudeatzeko blogetan zer informazio agertzen den, tartean burua galdu barik. Horietako azkena Google enpresak atera berri du: Google Blog Search.

Google Blog Search
Beta moduan kaleratu da Google Blog Search, hau da, oraindik probatan dago, eta izan dezake zer hobeturik. Hala ere, dagoeneko erabil daiteke. Sartu gai bat bilatzailean, edo pertsona baten izena, eta blogosferan ezer argitaratu bada hitz horren inguruan, hor agertuko da. Guk Fagor hitza idatzi dugu, eta hauxe agertu zaigu emaitzetan. Baita HUHEZI ere.

Bilaketa modu sinplean egin daiteke hor, bilatu nahi den hitza idatzita, edo bilaketa aurreratua, klik eginez Advanced search loturan, Google izenaren eskuin aldean.

Technorati
Technorati ere blog bilatzaile bat da. 2005eko irailean bilatzaile horrek indexaturik zituen 17 milioi blog. Beraz, informazio iturri baliotsua da, oso, informazioa bilatu nahi izanez gero blogosferan. Search botoian klik eginez gero, sartu adibidez Tagzania hitza, eta orri oso hau emango digu CodeSyntax enpresa euskaldunak eginiko programari buruz.

Beste bilatzaileak
Badira beste blog bilatzaileak hortik zehar. Hona hemen zenbait:
Feedster.
Bloglines.
Blogger.

2005/09/16

Hogei blogari Eibar.org blog komunitatean

Euskal Herrian Eibar.org taldeak sortu zuen lehen blog komunitatea, uztailean urtebete. Gero etorriko ziren Goiena.net eta DV, besteak beste. Baina eibartarrak izan ziren lehenak.

Iazko uztailean, ikastaro bat antolatu zuten Eibarren, eta haren ondorioz abiatu zen blog komunitatea. Urtebete geroago, 20 blogarik osatzen dute Eibar.org blog komunitatea, denak euskaradunak, eta zein baino zein hobea. Zorionik beroenak!

2005/09/15

Datorren astean hasiko dira ikasleak

Datorren astelehenean hasiko dira eskolak HUHEZI fakultatearen ia karrera gehienetan. Gizan Zientzietan behintzat, bai. Ikus-entzunezko karreran, berriz, aurten estreinatuko baita, astebete geroago hasiko dira.

Giza Zientziak
Irailaren 19an hasiko dira Giza Zientzietako ikasle guztiak, betiko moduan, arratsaldez. Eta aurkezpen orduak hauek izango dira:
  • 15:00 – Enpresarako Giza Zientziak. 4. maila.
  • 15:45 – Enpresarako Giza Zientziak. 3. maila.
  • 16:30 – Enpresarako Giza Zientziak eta Informaziorako eta Komunikaziorako Giza Zientziak. 2. maila.
Ikus-entzunezko Komunikazioa
Karrera berriko ikasleak, berriz, hurrengo astelehenean hasiko dira, alegia, irailaren 26an.
  • 14:30 - Ikus-entzunezko Komunikazioa. 1. maila.
Ikasturte hasiera MUn
Mondragon Unibertsitateak ere irailaren 19an egingo du ikasturte berriaren hasiera ekitaldia. Oñatin izango da, Santa Ana aretoan, goizeko 11:30ean. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ere hantxe izango da, beste unibertsitateetako errektoreekin batera.

2005/09/14

Aitor Zuberogoitia, irakasle HUHEZIn

Informazio eta Komunikazio departamendua (IK) indartu egin da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Izan ere, HUHEZIk Aitor Zuberogoitia irakaslea kontratatu du, bertan irakatsi eta IK departamenduan lan egin dezan.

Aitor Zuberogoitiak hainbat zeregin izango ditu lehen urtean: parte hartu karreraren garapenean, lagundu ikasketa berriak ezagutarazten, harremanak landu Euskal Herriko hedabideekin, eta irakatsi.

Biografia
Aitor Zuberogoitia Etxebarrian jaio zen, Bizkaian, orain 33 urte. EHUn lizentziatu kazetaritzan, eta 2003an aurkeztu zuen doktore tesia: “Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean”. Urtetan euskarazko hedabide askotan egin du lan (Argia, Euskaldunon Egunkaria, Bilbo Hiria Irratia…), eta Topagunean ere aritu da, tokian tokiko hedabideen koordinatzaile.

2005/09/13

Bategiteak huts egiten duenean

Auto hegalaria sortu zenean 1945ean, mundua zur eta lur geratu zen, pentsaturik marabilla hark zientzia fikzioaren esparruetara eramango gintuela. Antzeko zerbait gertatu zen auto anfibioa jaio zenean 1961ean: jendeak ez zuen nahi izango besterik. Biek, baina, auto hegalariak eta auto anfibioak, porrot egin zuten erabat.

Produktu hibridoek beti sortu dute lilura handia, baina apenas funtzionatu duten. Hala ere, hitzik baldin badago puri-purian, hori convergence da, bategitea, orain, noski, teknologia berrien eremuan. Kasurik berriena joan den astean azaldu zitzaigun: telefono bat, musika jotzen duena.

ROKR
Motorolak eta Applek egin dute hibrido hori, Cingular telefono konpainiarekin batera, eta sekulako publizitate kanpaina egiten ari dira hori plazaratzeko. Baina beldur naiz Rokr telefonoak ez ote duen porrot egingo: botoiz betea dago eta zaila da erabiltzeko. Dagoeneko agertu dira lehen kritika txarrak horren gainean.

Driron
Euskal Herrian ere badugu konbergentzia kasu bat, oso garbia. Orain dela gutxi, Fagor kooperatibak Driron aurkeztu zuen, makina bat arropa berotu eta lisatzen duena. Nahiago nuke hanka sartuko banu, baina Drironek ere horma jo dezake. Izan ere, etxeko tresna elektrikoetan badago aurrekaririk: garbigailu-lehorgailuak. Egin ziren, baina oso jende gutxik erosi ditu.

Jendeak hibridoak baino nahi ditu produktu onak eta errazak erabiltzeko. Hibridoak, jeneralean zailak izaten dira, oso, eta inork ez du horrelakorik nahi izaten.

Liburu interesgarria
Justu egun hauetan ari naiz liburu bat irakurtzen, El origen de las marcas, eta hor Al eta Laura Ries aita-alabek argi erakusten dute, ehunka adibiderekin, zergatik betegite horiek ez duten arrakastarik. Goiko irudia liburu horretatik aterata dago. Ahal baduzue, irakurri.

2005/09/12

Aurkezpen bikaina

Joan den ostiralean, aprobetxaturik lanean jai nuela, ikusi nuen, hasi eta buka, Steve Jobs Apple enpresako buruzagiak bezperan San Frantziskon egin zuen agerpena, besteak beste iPod Nano berria aurkezteko. Iruditu zitzaidan aurkezpen bikaina, komunikazioaren ikuspegitik. Hona hemen zergatik.
  • Pantaila erabili zuen makulu gisa, ez gidoi moduan, berak handik irakurtzeko.
  • Ematen zuen dena zuela buruan, uneoro bai baitzekien zer esan.
  • Berotasun itzela transmititzen zuen bere mezua azaltzerakoan.
  • Erabili zuen pantaila maisuen pare.
Pantaila
Gutako gehienok Powerpoint erabiltzen dugu laguntza gisa aurkezpenetan. Jobsek beste bat erabili zuen, Keynote, Applek sortutako programa bat, baina biak berdintsuak dira. Desberdintasun txiki hori kontuan hartuta, ohar pare bat egin nahiko nuke Jobsek nola erabiltzen duen aurkezpen programa.
  • Ez du erabiltzen izenbururik pantailetan.
  • Pantaila bakoitzean ez du erabiltzen bost lerro baino gehiago.
  • Pantaila guztien %90ean, bi lerro baino ez ditu erabiltzen. Bi lerro.
  • Behar duenean, irudiak erabiltzen ditu mezua transmititzeko.
  • Grafikoak ere badaki erabiltzen, baina neurrian, eta era sinplean aurkeztuta.
Kontuan hartuta guk joera dugula pantaila datuz eta informazioz betetzeko, Steve Jobsen joera minimalistak harritu egingo gaitu, baina berak lortzen duen emaitza askoz ere eraginkorragoa iruditzen zait. Egun hartan, Steve Jobsek datu mordoa eman zituen, baina amaitutakoan ez genuen datu betekadarik. Geureganatu genituen banaka, eta modu logikoan.

Hizlaria nagusi
Steve Jobsen komunikatzeko erak esaten digu hizlaria dela inportantea, izarra, eta Powerpoint makulu bat, neurriz erabiltzekoa, lagungarri gisa. Eta entzulea ez dela nekatu behar milaka datu emanda. Horrek eskatzen du aurrelana. Ondo prestatu behar aurkezpena, eta ondo aukeratu behar zer datu eman.

Biziki gomendatzen dizuet Steve Jobsen aurkezpena. Hemen ikusi ahal izango duzue, QuickTime erabilita.

2005/09/06

Hogeita lau ikaslek aurkeztuko dute proiektua irailean

Irailaren 14tik 23ra bitartean 24 ikaslek, denak Enpresarako Giza Zientziak ikasitakoak, karrera amaierako proiektuak aurkeztuko dituzte Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI).

Gaiak
Gaiei dagokienez, denetik dago iraileko proiektuetan. Hauxe da zerrenda:
  • Partehartzearen diagnosia MCCn
  • Lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak.
  • ETEO: prozesukako kudeaketa.
  • Nola aztertu barne komunikazioa, eta berau kudeatzeko bi erreminta: bloga eta intraneta.
  • Nola kudeatu jakitatea.
  • Konpetentzia bidezko kudeaketa (bi proiektu).
  • Nola ezarri informatika programa bat langileen prestakuntzarako Maierren.
  • Negozio e-mozionalak.
  • Nola ebaluatu “Bazkide” prestakuntza programa.
  • Kalitate hobekuntza ontzi garbigailuen sailean.
  • Komunikazioaren azterketa eta gizarteratze prozesuen hobekuntza.
  • Bideragarritasun plana.
  • Ikastolen historia eta errealitatea.
  • Hozkailuen pertsonalizazioa.
  • Fagor Arrasate kooperatiba elkartearen etxeko tresna elektrikoen erosketen garapena eta trazabilitatea.
  • ISO 9001 hezkuntzan.
  • Definitu ordainsari aldakorrak.
  • 5Sak Fagor Industrialen.
  • 5Sen jarraipena egosketa sailean.
  • Aztertu zer fiskalitate eta legeria duten fundazioek Europako Batasunean.
  • Huen ikasketen marketin plana.
  • Marketin plana.
  • Marketin plana Lasao enpresan.
Deialdiak
Ikasleek hiru deialdi izaten dituzte karrera amaierako proiektuak aurkezteko: uztailean, irailean eta otsailean. Bakoitzak aukeratzen du proiektua noiz aurkeztu, bere interesen arabera.

Aurkezpenak
Ikasleak hamabost eta hogei minutu artean ditu bere proiektua aurkezteko, diapositiba proiektagailu baten laguntzarekin. Aurrez aurre izango ditu tutore akademikoa, enpresan izan duen begiralea, eta beste gonbidaturen bat. Aurkezpenak, bestalde, irekiak dira. Ikaslearen familiartekoak, lagunak eta ikaskideak egon daitezke bertan.

2005/09/05

Wikiversity: unibertsitate bat doakoa

Wikiversity sortu da, ikastaro bilduma bat, irekia, eta elkarlanean idatzia Wikimedia Fundazioak bultzatuta. Webgune hori da wiki bat, eta horrek esan nahi du edonork, baita guk ere, aldatu edo osatu dezakegula oraintxe bertan edozein modulu, klik eginez edit orrialdean, zein agertzen baita Wikiversityren modulu guztietan.

Wikiversityren webgunean agertzen diren eduki guztiak GNU Dokumentazio Librearen Lizentziapean daude. Horko artikuluak idatzi dizutenak dira eduki horien jabe intelektualak, baina copyleft lizentziari esker, edonork kopia ditzake edo banatu horko edukiak.

Zer da Wikiversity?
Wikiversity orain dela gutxi sortu zen, baina bertan sar litezke edukiak hainbat hizkuntzatan: ingelesez, katalanez, alemanez, gaztelaniaz, esperantoz, frantsesez, interlinguaz, italieraz, nederlanderaz, portugesez, romanaz, suomieraz, vietnamieraz eta txineraz.

Wikiversityk, bestalde, honako ezaugarri hauek ditu:
  • Baliabide bat da, doakoa eta irekia, bestelako wikimedia proiektuak diren bezala.
  • Baliabide bat, non elkartzen diren ikasteko estilo desberdinak eta irakasteko metodo diferenteak.
  • Komunitate ahalegin global bat.
  • Proiektu bat behetik gorakoa eta elkarlanean oinarritua, sortzeko plataformak, metodoak eta edukiak.
  • Baliabide bat aztertu nahi diren gaiak lantzeko.
  • Esperimentu bat uztartzeko ordenagailuak, Internet eta ikasketak.
  • Bilduma bat, non aurki daitezkeen ikasmaterial doakoak eta libreak.
Helburua
Wikivertsityren helburua ez da jakintza zabaltzea, baizik eta ikaskuntza erraztea. Wikiren elkarlanerako ereduak aplikatuko dira e-learning delakoaren egituretara. Eta Wikiversityren audientzia helburua ikasleak dira.

Zerk bereizten du Wikiversity gainerako unibertsitateetatik?
  • Ez duzu ordaindu behar berau erabiltzeko.
  • Ez duzu dirurik jasoko bertan egin ditzakezun ekarpenen truke. Hor lan egiten duten guztiak boluntarioak dira.
  • Ez dauka etxerik, Interneten aterpetzen da eta, zerbitzari batzuetan.
Adibideak
Nahi baduzu ikusi nola antolatzen diren gaiak Wikiversityn, klik egin kristautasunari dagokion orrian. Jakinak, ingelesez dezente garatu dira gaiak.

Gaztelaniaz ere hasi da lanean Wikiversidad delakoa, ingelesezkoa baino motelago, baina euskarazkoa baino biziago, oraindik ere ez baita sortu Wikibertsitatea. Noiz sortuko da?

2005/09/02

Ahotsaren indarra

Bere azken liburuan, El regalo de la comunicación, Sebastiá Serrano katedradunak azpimarratzen du ahotsak zer indarra duen gaixoak hobeto sentiarazteko, eta beste egoera askotan: enpresan, familian, lagunen arteko harremanetan, etab. Egun hauetan, ordea, nabarmen geratu da orobat ahotsak sekulako kalteak sor ditzakeela. Aste honetan bertan Bagdaden izandako gertaerez ari naiz, non ia 1.000 erromes xiita hil diren.

Egia baldin bada hedabideek zabaldu duten informazioa, nahikoa izan da pertsona gutxi batzuk oihuka jartzea, esanez erromesen artean terrorista suizida bat zegoela, jendartean izuikara hedatu eta ia mila pertsona hiltzeko, batzuk zapalduta, eta beste asko zubi batetik ibaira salto eginda. Emaitza izan da atentaturik odoltsuena baino dezente odoltsuagoa. Tiro bakar bat jaurti barik.

Horrelakoxeak gara pertsonak: ahots batek limurtu egin gaitzake, eztia eta beroa baldin bada, baina beste ahots batek ikaratan jar gaitzake, histeriko huts, Bagdaden gertatu bezala. Komunikazioaren gorabeherak.

2005/09/01

Wikipedia, kazetaritza lanetan

Beste behin, Wikipediak harritu egin gaitu: Katrina urakanak Louisianako kosta jo orduko, artikulu oso bat zuen urakanaren ondorioez. Eta artikulu hori etengabe ari da eguneratzen, datu berriak agertu ahala. Hedabide askok baino hobeto ari da lan hori egiten Wikipedia, eta bere emaitza, betiko moduan, doan jaso liteke Interneten.

Eneko Astigarragak ohartarazi zidan lehenengo Wikipediaren balentriaz, eta gero Dan Gillmor adituari gauza bera irakurri nion. Biek hala biek azpimarratzen dute Wikipedia dela hiritar kazetaritzaren adibiderik onenetakoa, eta kasu horrek arrazoia ematen die. “Ez du ezer kontatzen lehen pertsonan —dio Gillmor-ek—, baina (Katrina urakanaren gainekoa) kazetaritza pieza erabatekoa da”.

Wikipedia
Wikipedia entziklopedia bat da, doakoa, Interneten oinarritua eta hainbat hizkuntzatan egina, baita euskaraz ere. Boluntarioek egiten dute elkarlanean, Wikimedia Fundazioak babestuta. 200 bat hizkuntzatan argitaratzen da (horietatik 100 inguruk jarraipena dute), eta gaiei dagokienez, lantzen ditu entziklopedietan lantzen diren gaiak, almanaketakoak, eta egunerokotasun handiko gertakizunak. Bere helburua da entziklopedia bat sortzea, doakoa, eta banatzea ahalik eta hizkuntza gehienetan. Dagoeneko bihurtu da kontsulta lekurik bisitatuenetako bat sarean.

Nork dio doako gauzek ez dutela baliorik?

2005/07/22

Itxita, oporrengatik

Bai lagun, guri ere iritsi zaizkigu oporrak. Desiratzen geunden udako bakazioak noiz iritsiko, eta, azkenean, iritsi dira. Horregatik, bihartik hasita, eta irailaren 1a arte, blog hau itxita egongo da. Baina nahi izanez gero hemengo edukietan begiratu edo kontsultaren bat egin, hortxe daude artxiboak, kontsulta egiteko.

Zuri ere oporrik onenak opa dizkizugu, irakurle. Ondo igaro atseden egunak, eta indarberrituta etorri. Gu ere horretan saiatuko gara. Ondo segi.

2005/07/21

Buruzagitza eta komunikazioa

Lehenago ere idatzi izan dugu hemen nola komunikatzen duten komunikatzaile onek gaur egungo enpresetako buruzagien artean. Oraingo honetan beste liburu bat aipatuko dugu, gai horren inguruan: The Leader’s Voice, Boyd Clark-ek eta Ron Crossland-ek egina.

Guri zuzenean dagozkigun bi gai jorratzen ditu: enpresa eta komunikazioa; horregatik aipatu nahi dugu hemen. Felix Gerenabarrenak egin du liburu horren laburpena Euskonomia blogean. Apuntatu beharreko izenburu bat, beraz.

2005/07/20

Vloga

Ikasi berria dugunean *blog* hitza, horra non ailegatu zaigun *vlog* berba, oso antzekoa, baina desberdina. Eta zer da vloga? Vloga da blog bat, eta erabiltzen du bideoa formatu gisa. Vloga batez ere erabiltzen da bideo edukiak zabaltzeko, baina, testuingurua emate aldera, erabil ditzake testua, argazkiak eta bestelako meta datuak.

Eta nola deitu vlog egileei? Batzuk blogariak baldin badira, besteak vlogariak izan daitezke, baina horra iritsi baino lehen, ikusi egin behar bideo blogaririk sortzen den gure artean, eta zer izen erabiltzen duten beren burua izendatzeko.

Wired News albistariak hainbat vlog ipini ditu ikusgai, eta hor denetik dago: albisteak, satira politikoa, salaketak, komedia arina, etab.

2005/07/19

Interneten eragina hedabide handietan

Aste pare bat igaroko ziren Londresko atentatu handia izan zenetik, non hiritarrak bideoak eta argazkiak bidali zituzten hedabideetara, erakutsiz jendea irteten metrotik, edo beste egoera larrietan, eta orain Dennis urakanak erasan zituenean AEBetako hainbat bazter, CNN ahalguztiduna ikusleak animatzen hasi zen, bidali zitzaten urakanaren gaineko historiak, audioak edo irudiak, edonon hartzen zituztela ere. Erabili ere, nabarmen erabili zituen jendeak bidalitako materiala.

Eta CNN nola, beste hedabide handiak ere hala, hiritarrek bidalitako material bila. Diotenez, hiritar kazetaritzaren hastapenak baino ez dira. Interneti esker.

2005/07/18

MUn ikasitako ikasleek, lanbide tasa bikaina

Lanbide erakundeak esan berri duenez, 2001ean Mondragon Unibertsitatean lizentziatu ziren ikasleen %93,5 lanean ari dira, eta horietatik %83ren lanak zerikusia du ikasitako karrerarekin. Hiru ikasletik bik, gainera, aurkitu zuten lana ikasketak amaitu eta hiru hilabete igaro aurretik. Bestalde, ikasle horiek 1.304 euro irabazten ari dira batez beste, salbu eta neskek, zeinek irabazten baitute mutilek baino 131 euro gutxiago.

Datuak oso onak dira, eta erakusten dute, bidenabar, langabezia apalagoa dela MUko ikasleen artean (%6,3), Euskal Herriko beste ikasle ohien artean baino (%10,6). Eta hori gutxi balitz, gure ikasle ohien %41ek lan kontratu mugagabeak dituzte. Horixe dio Lanbidek.

HUHEZIk ere, lanbide tasa oso onak
2001ean Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean lizentziatu ziren ikasleek ere oso lanbide tasa onak izan zituzten, Lanbideren arabera. Hauek dira tasa horiek, espezialitateen arabera:
  • Atzerriko Hizkuntza: %100.
  • Hezkuntza Berezia: %90.
  • Haur Hezkuntza: %94.
  • Humanitateak-Enpresa: %87.
MU: lanean jarriko zaitugu
Lanbide tasa horiek kontuan hartuta, argi dago lana dela Mondragon Unibertsitatearen indargunerik aipagarrienetako bat, hau da, MUn ikasten duten ikasleek beste inon ikasitakoek baino bizkorrago aurkitzen dute lana, eta, sarri askotan, lan hobeto ordainduak.

Datu horiek berretsi egiten dute jendeak aurretik dakiena. Izan ere, askok arrazoi horrengatik bidaltzen dituzte seme-alabak MUn ikastera, bai baitakite hemen ikasiz gero lehenago aurkituko dutela lana. Jendearen pertzeptzioetan hitz batek definitzen badu Mondragon Unibertsitatea, hitz hori da lana.

2005/07/15

Webgune bat irakasleak neurtzeko

Ikasturtea amaitzear dagoela, gero eta eskola gehiagotan hartzen dira kontuan ikasleek zer iritzi duten irakasleen gainean. Horretarako, galdetegi bat ematen zaie, eta ikasleek nota ipintzen diete irakasleei. Baina orain sareak beste aukera bat ematen die ikasleei, agertu dira-eta lehen webguneak non ikasleek epaitzen baitituzte beren irakasleak.

Ratemyteachers.com da horietako bat, eta berau sortu da AEBetan, nahiz eta beste herrialde batzuetan ere erabiltzen den, hala nola Kanadan, Bretainia Handian eta Irlandan. Webgune horretan institutuetako ikasleek nota ipintzen diete izan dituzten irakasleei, bat eta bost artean, honako irizpideak kontuan hartuta: laguntasuna, argitasuna, erraztasuna, eta popularitatea.

Beste webgune bat ere sortu da, antzekoa, Ratemyprofessors.com, eta hor unibertsitate ikasleek epaitzen dituzte beren irakasleak.

Polemikoa
Webgune hauek doakoak dira, eta anonimotasuna bermatzen diete ikasleei, horiek neur ditzaten beren irakasleak. Zenbait ikasle pozik daude eskaintza horrekin. Batzuek diote eskola publikoek, lehen aldiz, entzun egiten dietela ikasleei. Zenbaiten iritziz, ikasleek aukeratu ditzakete irakasleak, horiek nolako erakargarritasuna erakusten duten sailkapenetan.

Baina beste ikasle askok zalantzak dituzte irakasleak neurtzeko modu horrekin, estatistikak engainagarriak izan daitezkeelako, irizpideak ez omen direlako serioak (zer da irakasle popularra izatea?), eta elementu subjektibo asko sartzen direlakok hor. “Izan ditut irakasle benetan txarrak, eta gorrotatu izan ditut, baina beste batzuek izugarri maite zituzten, eta alderantziz”, esaten du ikasle batek. “Eta denoi gertatu zaigu ez garela konturatu zenbateraino estimatzen dugun irakasle bat, harik eta urte mordoska bat igaro arte”.

Anonimotasunak zalantzak zabaltzen ditu han-hemenka, aukera ematen die-eta ikasleei irainak ere sartzeko. Esandakoa sinatu beharrik ez denean, bestalde, ikasleak ez du premiarik ikusten arrazoitzeko.

Akatsak akats, ikasleak ez dira bakarrak kalifikatuak izaten. Sareak baliabide ahaltsuak ipini ditu haien eskuetan, beren ahotsa eta iritziak plazara ditzaten. Gehiago jakin nahi izanez gero gai horretaz, klik egin hemen.

2005/07/14

Powerpoint eta proiektuen aurkezpenak

Egun hauetan karrera amaierako proiektuak aurkezten ari dira Giza Zientzietan, guztira 16. Ni batzuetan izan naiz, epaimahaikide gisa edo entzule soil moduan. Pozik irten naiz aurkezpen horietatik, ikasleek maila ona erakutsi eta gaiak ere oso interesgarriak iruditu zaizkidalako. Baina komunikazioaren ikuspegitik, uste dut denok ere badugula zer hobeturik.

Ikasle guztiek erabili dute ordenagailua eta proiektagailua aurkezpena egiteko. Eta PowerPoint programa. Hori erreminta baliagarria da oso, horrelako aurkezpenetan, baina askotan ez dugu behar den moduan erabiltzen, erakutsi digutelako trastoa nola manejatzen den, baina ez nola erabili komunikazioaren ikuspegitik.

Akatsik nabarmenenak
Hainbat akats ikusi ditut aurkezpen horietan, zaildu egiten dutenak komunikazioa, baina, aldi berean, errazak konpontzeko:
  • Zenbait ikaslek bizkarra eman diete epaimahaikideei, beraiek hitz egin bitartean. Hori zen pantaila aurrean zutelako, eta epaimahaikideak atzean.
  • Beste zenbaitek bakarrik begiratu diote epaimahaikide bati aurkezpena egin bitartean, eta ahaztu egin dira besteez.
  • Zenbaitek kolorezko pantailak erabili dituzte (bat urdina, bestea berdea…), bat ere irizpiderik gabe.
  • Pantaila batzuk beteegiak agertu dira, eta ia ezinezkoa izan da han zerbait irakurtzea. Bada gomendio bat, eta esaten du pantaila batean ez dela komeni bost lerro baino gehiago idaztea, ziurtatzeko han agertzen den guztia ondo irakurriko dela.
  • Zenbait ikasle luzatu egin dira neurrigabe aurkezpenetan, eta denbora larregi erabili dute.
Akats horiek ikasleek egin dituzte, baina iruditzen zait irakasleok ere badugula erantzukizunik horretan. Lau urtean ikasleek aurkezpen asko egiten dituzte unibertsitatean, baina irakasleok ez dugu komunikazioaren arlo hori behar bezala lantzen aurkezpenetan, eta gero, noski, akats horiek agertu egiten dira proiektuak aurkezterakoan.

Seguru nago komunikazio karrerak izugarri lagunduko digula xehetasun horiek hobeto lantzen, eta gure ikasleek asko irabaziko dutela horri esker.

2005/07/13

Testulibururik ez institutuan

Vail herriko institutuak, Arizonan, erabaki du datorren ikasturtean hango ikasleek ez dutela testulibururik erabiliko. Testuliburuen ordez, ikasleek erabiliko dituzte ikasmaterial elektronikoak.

Erabakia ez da merkea izango. Eskuko ordenagailu bakoitzak balio du 850 dolar —testuliburu sorta batek baino 250-350 dolar gehiago—, eta, hala ere, institutuak ordenagailu bana emango die institutuko 350 ikasleei urte osorako.

Aldaketa handia da, eta institutuko arduradunek ez dute argi berrikuntzak ondo irtengo ote diren: “Seguru asko egin beharko dugu aldaketarik. Hala ere, ezer erabaki aurretik bisitatu ditugu beste institutu batzuk, non erabiltzen ari diren eskuko ordenagailuak. Eta institutu horietan ikasleak askoz inplikatuago ari ziren, ordenagailurik erabiltzen ez zuten institutuetan baino”.

Adituen arabera, ez da ohikoa horrelako eskola publiko batek ikasmaterial elektronikoen alde egitea, paperezkoak erabat baztertuta. Sarri kostuak, segurtasunik ezak, ezjakintasunak eta erakundearen mugek eragozten diete eskolei horrelako erabakiak hartzea.

2005/07/12

Bush, Bono eta Geldof

George Bush AEBetako presidentea iritsi zenean Eskoziara G8 taldearen bilerara, lehendabizi elkartu zen ez Tony Blair Ingalaterrako lehen ministroarekin edo Ingalaterrako erreginarekin, baizik eta Bonorekin eta Bob Geldoffekin, biak Live Aid musika jaialdi erraldoiaren antolatzaileak, zeinekin hitz egin baitzuen ordu erdiz.

Horixe esan zuen ABC News Shuffle zerbitzuaren pokastinak, eta horri deitzen zaio eragina, abeslari irlandarrek erakutsi dutena. Horientzat idealismoa eta praktikotasuna eskutik doaz.

2005/07/11

Irakasleei gustatu ez irakurtzea

Asteburu honetan irakurri dut El País egunkarian irakasleek konpromiso eskasa dutela irakurketarekin. Egunkariak Espainiari buruz ziharduen, baina uste dut Euskal Herrian ere ez garela oso urruti ibiliko Idea Institutuak egin duen azterketaren emaitzetatik.

Liburutegiak, zertarako?
Espainiako argitaratzaile talde batek egin du galdetegia, kezkatuta baitzegoen Espainian gazteek gutxi irakurtzen omen dutelako. Galdera asko egin dituzte eskoletako liburutegien gainean, baina emaitzetan ikusi dute irakasleek beraiek ez dutela gustuko irakurtzea. Hona hemen datu zenbait:
  • Galdetutako irakasleen %40 inoiz ez da joaten ikastegiko liburutegira.
  • Irakasleen %24 astean behin joaten da liburutegira.
  • Irakasleen %22, hilean behin.
  • Irakasleen %23k eskolak eman ditu liburutegian.
  • Irakasleen %77k, aldiz, inoiz ez du ezer antolatu liburutegiarekin lotuta.
  • Irakasleen %77,4k lan egiten du testu liburuarekin, baina ez ditu ikasleak bultzatzen irakur dezaten.
Azterketak ondorioztatu du irakasleek konpromiso eskasa dutela irakurketarekin. Irakasleek interesgarritzat jotzen dute eskolak liburutegia edukitzea, baina ez da sartzen beraien helburuetan. Zertarako liburutegiak eskoletan, diote argitaratzaileek, baldin eta irakasleek ez badituzte motibatzen ikasleak irakurtzera? Galdera ona.

2005/07/08

Internet eta idazkuntza, elkarren etsai?

Eztabaida interesgarria piztu da egunotan Joan Mari Irigoien idazlearen adierazpen batzuen harira. Altzako idazleak oraindik orain jaso du Euskadi Saria, eta, horren harira, hitz hauek esan ditu DV egunkarian:
Lo mío es escribir, pero tenemos grandes enemigos como Internet o las nuevas tecnologías, que sin duda, afectan a nuestro campo. Pero seguiré ahí, escribiendo a diario.
Eta Luistxo Fernandez kazetari eta teknofilo apartak erantzun egin dio bere blogean, Ingelesen Hilerria izenekoan. Beste zenbaitek ere parte hartu du eztabaida horretan, Joan Mari Irigoien bera barne.

2005/07/07

Arizmendi okindegiak Kalifornian

Ameriketako Estatu Batuetan 300 enpresa antolatuta daude kooperatiba moduan, bertako Kooperatiba Elkarte Nazionalak dioenez. Horietako batzuk Kaliforniaren iparraldean aurkitu ditugu, tartean Arizmendi okindegiak, Oaklanden, San Frantziskon eta Emeryvillen, non saltzen omen den pizzarik onenetakoa paraje haietan, The San Francisco Chronicle egunkariaren arabera.

Arizmendi okindegia sortu zen The Cheese Board Collective kooperatibatik, azken horren arrakastan oinarrituta. Okindegi horretan ez omen dago nagusirik, denek omen dute botoa erabakiak hartzeko, horiek hartzen dira kontsentsuz, eta Jose Maria Arizmendiarrietaren ikuskeran sinesten dute. Horregatik Arizmendi izena.

Batez beste 28 dolar irabazten dute orduko, beraien osasun premiak estalida daude, eta urtean laupabost aste hartzen dituzte oporrak, ordainduta. Luxu handia, kontuan hartuz gero AEBetan langileek batez beste pare bat aste baino ez dituztela hartzen. Bazkide egiteko, berriz, 1.000 dolar ipini behar izaten dute kooperatiban.

Eskuzabaltasuna lanean
Willie Perez kooperatibistak Arrasate bisitatu zuenean, zur eta lur geratu zen, ikusirik gainerako kooperatibek nola erantzun zuten Fagor kooperatibari erre zitzaionean biltegi handi bat Gasteizen: “hango langile guztiei lana eman zitzaien beste kooperatiba batzuetan, nahiz eta hori zela-eta irabaziak txikiagoak izango ziren kooperatiba horietan. Han jendea ez da bat ere berekoia enpresa kudeatzeko orduan”.

Liburu bat ere argitaratu dute, beraien esperientzia zabaltzeko, The Cheese Board Collective Works, eta horretan segitzen dute, kooperatibismoaren berri ona zabaltzen, hitzekin eta ekintzekin, hemen dioten moduan.

2005/07/06

Kooperatibak aztergai AEBetan

Live Journal aldizkariak artikulu bat kaleratu berri du, Mondragon: past performance and future potential, Kenneth Lovecraftyk idatzia. Artikulua luzea da, eta zazpi atal nagusi ditu:
  1. Mondragon kooperatibak.
  2. Arizmendiarrieta eta banaketa aurreratua.
  3. Mondragon kooperatiba esperientziaren oinarrizko printzipioak.
  4. Kooperatiben egitura eta gobernua.
  5. Arrakastaren arrazoiak.
  6. Desertzioa.
  7. Zer eskain diezaioke Mondragonek munduari?
Artikuluaren bukaeran egileak eskatzen du sortzea Mondragon Ikaskuntzen Nazioarteko Elkartea, koordinatzeko kooperatiben mugimendua eta munduan zehar dabiltzan ikertzaileak.

2005/07/05

Kristalezko sabaia

Atzo aurkeztu zen HUHEZIn uztail honetako lehen karrera amaierako proiektua. Izenburu deigarria zuen —Lan iragarkien analisia generoaren ikuspegitik—, eta Miren Apraiz ikaslearen hitzak entzun genituenok irten ginen komentziturik oraindik lan dezente dagoela egiteko, generoen arteko berdindatasunera bidean.

Miren Apraizek lan eskaintzak aztertu ditu bere proiekturako, El Correok igandeetan ateratzen dituenak. Batzuk ziren 1995ean argitaratutakoak, eta beste sorta bat, bost urte geroago. Eta egileak garbi ikusi du oraindik ere enpresa askok hizkuntza bat edo beste erabiltzen dutela, nori doakion iragarkia.
  • Aldaketarik ez. 1995etik 2000ra ez du somatu aldaketarik generoen arteko tratamenduan.
  • Bereizkeria horizontala. Horrela deritzo Miren Apraizek sexuen arabera bereizten denean hizkuntza. Adibidez, iragarki batzuetan beti agertzen zen “dependientas”, baina inoiz ez “dependientes”; edo “director de mantenimiento”, baina ez “directora de mantenimiento”.
  • Gizonetan pentsatzen. Beste batzuetan, edozein zela iragarkia, bukaeran, “interesados” ipiniko zuen.
  • Gizonei, info gehiago. Iragarkiak gizonezkoei zuzentzen zitzaizkienean, askoz ere handiagoak izaten ziren, eta azalpen gehiagorekin. Emakumezkoentzat zirenean, aldiz, txikiagoak eta azalpen gutxirekin.
Proiektuaren aurkezpenean Miren Apraizek hainbat aldiz aipatu zuen kristalezko sabaia adierazteko nola enpresa askotan sabai ikusezin bat ipintzen zaien emakumeei, alegia, idatzi gabeko oztopoak, eragozteko gorago egin dezaten. Proiektu interesgarria, eta bai enpresek eta baita gainerakook ere kontuan hartzeko modukoa.

2005/07/04

Komunikazioa emakumeen eta gizonen artean

Egun hauetan Deborah Tannen hizkuntzalariaren liburu bat irakurtzen ari naiz, ¡Lo digo por tu bien!, eta hor egileak dio emakumeek modu batean ulertzen dituztela pertsonen arteko harremanak, eta gizonezkook beste modu batean.
  • Emakume askok, dio Deborah Tannenek, hitz egiten dute beren lagunekin kezkatzen dituzten gauzen gainean, zeren eta emakumeek hori baitute modurik oinarrizkoena adiskidetasuna lantzeko.
  • Gizonen arteko adiskidetasuna, aldiz, ez da oinarritzen elkarri sekretuak kontatzean, baizik eta jarduerak partekatzean, gauzak elkarrekin egitean.
Bat nator Tannen-en iritziarekin. Aspalditik konturatuta nengoen emakumeak askoz ere praktikoagoak direla elkarren arteko elkarrizketetan, gizonezkoak oso erraz lerratzen baikara “gai inportanteetara”, alegia, politikara eta kiroletara, esate baterako.

Deborah Tannen hizkuntzalaria da, baina ez du gramatika aztertzen, baizik eta pertsonen arteko komunikazioa, nola haserretzen garen —edo pozten— eta zergatik, gure artean hitz egiten dugularik, etab. Liburu interesgarria da.

2005/07/01

Argia astekaria, RSS bidez

Atzo irakurri genuen Sustatun hemendik aurrera Argia aldizkariak ere RSS bidez zabalduko dituela bere edukiak, Argia astekaria eta Kulturaren Hari@. Ez zen erabaki erraza izango Argiarentzat, bere edukiak RSS bidez zabaltzeak esan nahi du-eta aldizkariak aldatu egingo duela bere orain arteko modeloa, alegia, eduki guztiak bere webgunean soilik eskaintzea, baina RSSri esker, Argiak beste kanal bat ireki du bere edukiak banatzeko.

Erabaki ona izan da, aukera emango digu-eta Argia zaleoi haren edukiak edozein albiste biltzailetatik jasotzeko (dela Bloglines, dela Aurki.com…), edonon gaudela ere. Zorionak, beraz, Argia aldizkariari erabaki horrengatik, eta zorionak orain artean egin duen bide oparoagatik.

2005/06/30

Interneten ezaugarriak

Gaur egun gutxik ukatuko dute Internet dela erremintarik ahaltsuena informatzeko eta komunikatzeko. Baina zer ezaugarri ditu Internetek?
  • Internet da amaraun bat, eta milioika dokumentu ditu hitz eta irudien bidez uztartuta. Hipertestuari esker, irakurleak jauzi egin dezake informazio batetik bestera. Internetek, bestalde, nabigatzeko aukera asko eskaintzen ditu: loturak, soinuak, irudiak, mapak, bideoak eta animazioak. Horri esker, esan daiteke Internet dela hipermediaren hipermerkaturik handiena.
  • Internetek hautsi egiten ditu denborak eta espazioak ezarritako hesiak. Gaur egun Interneten sar gaitezke edonoiz eta edonon.
  • Interneten sarbidea dugu genero askotara: prentsa, aldizkariak, liburuak, hitzaldiak, artikuluak, musika, bideoa, irudiak, programa informatikoak, etab., ia kontrol edo zentsurarik gabe. Sareak aukera ematen du, hortaz, harremana egiteko edonorekin, edozein tokitan dagoela, teknologiaren eta hizkuntzaren mugak gaindituz gero.
  • Internet da informazio iturri ia agortezina; mundu osoak partekatzen du, eta beroni esker posible da elkarlana alde bietara.
  • Gaur egun Internet da hedapen esparrurik irekiena eta demokratikoena. Posible da Interneten informazioa zintzilikatzea beste inon baino merkeago.
  • Inon aurkitzekotan primizia informatiborik, Interneten aurki daiteke, bizkorragoa baita irratia, telebista eta prentsa idatzia baino. Horri esker, edozein hiritarrek jakin dezake albiste baten berri korporazio handi batek baino.
  • Internet kanal askotarikoa da, eta heterogeneoa, eta hor elkar eragiten ari dira sarea bera, posta elektronikoa, txatak, foroak, posta zerrendak, albiste taldeak, etab.
  • Internetek aukera ematen dio bai irakurleari zein idazleari anonimatua gordetzeko.

Ezaugarri hauek aurkitu ditugu Internet y competencias básicas liburuan, Carles Monereok eta Marta Fuentesek idatzitako artikulu batean.

2005/06/28

Kanadarren bisita

Atzo hamar irakasle izan genituen HUHEZI fakultatean, denak Saint Mary’s Unibertsitatekoak, Kanadako ekialdean, eta denak lanean master batean, Kooperatiben kudeaketa izenarekin. Gehienak kanadarrak ziren, baina bazen tartean ingelesik, estatubatuarrik eta quebectarrik ere.

Mondragon Unibertsitateko bost irakaslerekin elkartu ziren, eta, bi ordu eta erdiz, galderak egiten aritu ziren, Euskal Herriko kooperatiba mugimenduaren gainean, eta unibertsitateari buruz.

Beraiek ere jakinarazi zuten interes handia dutela kooperatibagintzan. Hori dela eta, bigarren mailako kooperatiba bat sortu zuten, eta horretarako elkartu hainbat kooperatiba anglofono. Ondoren, hitzarmen bat egin zuten Saint Mary’s Unibertsitatearekin, eta diru iturriak bilatzen hasi masterra antolatzeko. Bi urtean dena zuten eratuta. Ikasle guztiak lanean ari dira kooperatibetan, Zeelanda Berrian batzuk, Eskozian beste batzuk, Kanadan, AEBetan, eta Quebecen, besteak beste. Denak ardura postuetan.

Saint Mary’s Unibertsitateko irakasleek oraindik bizpahiru egun egingo dituzte Euskal Herrian, kooperatibak eta horien inguruko fenomenoa aztertzen.

2005/06/27

Nola erabili bilatzaileak. Kasu praktiko bat

Askotan irakasleok arazoak izaten ditugu irakasteko ikasleei, modu praktikoan, nola erabili bilatzaileak Interneten. Lana errazte aldera, kasu praktiko bat ekarriko dugu hona.

Kasu hori atera dugu Carles Monereo eta Marta Fuentes irakasleek egindako liburutik, Internet y competencias básicas.

Atentatua Madrilen
Eskola bateko ikasleek, bigarren mailako hezkuntzakoek, jakin nahi zuten zer gertatu zen 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuan. Ikasgelan luze eta zabal hitz eginda, konturatu ziren informazio eskasa zutela, eta askotan, kontraesanez betea. Hori ikusita, irakasleak proposatu zien bilaketa zorrotza egitea, ikasleek zituzten galderei ganoraz erantzuteko:
  • Nola gertatu zen?
  • Zer kalte eragin zituen (pertsonen artean, materialak…).
  • Nork hartu zuen parte (laguntzak, profesionalak, antolakuntza, erantzukizunak…).
  • Nola erantzun zuten hiritarrek? (komunikatuak, ekitaldiak, kale agerraldiak…).
  • Nola erantzun zuten gainerako herriek?
  • Nondik abiatu ziren lehen ikerkuntzak? Zergatik?
  • Zer eragin izan zuen atentatuak politikan eta gizartean?
Erabaki zuten Interneten bilatuko zutela informazioa, beraz, di-da antolatu ziren taldetan, eta hasi ziren bilatzen, hainbat erreminta erabilita: direktorioak (Ozú, eresmas…), bilatze motorrak (Google, Yahoo!, Altavista, Lycos, Alltheweb), metabilatzaileak (Metacrawler), agenteak bilaketa adimentsuak egiteko, sareko prentsa (La Vanguardia, El Periódico de Catalunya, El País, ABC), posta elektronikoa, zerrenda elektronikoak, etab.

Hitz gakoak ere asmatu eta antolatu zituzten, bilaketak egiteko: 2004ko martxoaren 11, Espainia, Madril, hilketa, terrorismoa, izuikara, bonba, trenak, Atochako tren geltokia, Santa Eugeniako tren geltokia, El Pozo del tío Raimundo tren geltokia, Téllez kalea, ETA, etab.

Eragozpenak
Hasi bilatzen, eta berehala konturatu ziren ikasleek informazio larregi zegoela, eta horietako asko, gainera, bat ere zehatza ez, intoxikazio hutsa. Beraz, ezinbestekoa zen bilaketa ondo zehaztea. Nola egin galdera, emaitzak oso bestelakoak ziren:
  • 2004ko martxoaren 11. Hori idatziz gero, Googlek ematen zituen 3.070.000 emaitza.
  • 2004ko martxoaren 11 + Terrorismoa + Espainia + Madril. Hori idatziz gero, berriz, 25.100 emaitza.
Ikasleak ohartu ziren, bai, zehaztu beharra zegoela, eta estrategia aldatu zuten. Hasi beharra zegoen, gainera, bereizten alea eta lastoa, kontua baitzen aukeratzea informazioa, beren galderei erantzuten zien neurrian.

Erakusketa
Ikasleek izugarri aurreratu zuten informazioa biltzen eta antolatzen. Bukaeran, erakusketa bat prestatu behar izan zuten, egunkari-mural moduko bat, non erakutsi baitzieten gainerako ikasleei zer lan egin zuten.

Hori egin baino lehen, azalpen bat egin zuten ikasgelan, eta hor azaldu prozedura guztia. Ikaskideen onespena jaso zuten, eta zenbait kasutan baita kritika ere. Hori zela eta, talde batzuek errepikatu behar izan zuten bilatze eta antolatze lana.

2005/06/24

Eten digitala

Gai hau behin baino gehiagotan jorratu dugu euskal blogosferan. Orain arte eten digital deitu izan diogu herrialdeen artean sortu den distantziari, aberatsek eskura baitituzte baliabide digital gehienak, baina pobreek ez. Gaur berriz, Carles Monereo pedagogoari irakurtzen —Internet y competencias básicas—, ikusi dut eten digital horren barruan gerta daitezkeela beste eten batzuk.
  • Eten geopolitikoa. Herrialdeen artean gertatzen den etenari deitzen dio horrela, guk gorago aipatu dugun definizioaren haritik.
  • Eten etnikoa. Berak horrela deitzen dio ingelesa dakitenen eta ez dakitenen arteko etenari, hizkuntza hori baita nagusi sarean, lingua franca gaur egun.
  • Genero etena. Gaur egun, eta zenbait tokitan bereziki, askoz ere gizonezko gehiagok erabiltzen dute Internet. Emakumeak, aldiz, atzean geratzen ari dira.
  • Belaunaldien arteko etena. Gazteak ari dira batik bat Interneten. Zaharrak, ostera, albo batera geratzen ari dira.
  • Alfabetatze etena. Alfabetatu gabeek jai dute Interneten, hor ibiltzeko gutxieneko jakintza bat eduki behar da-eta.
Gizon gazte batek, zuria, eskolatua, ingelesa badaki eta bizi bada herrialde industrializatu batean, eskura izango ditu informaziorako eta komunikaziorako teknologiak, eta aukera franko bere burua garatzeko.