2008/06/26

Bloga, irakaslearen tresna

Blogak modu askotara erabil daitezke irakaskuntzan. Modu horietako bat da egunkari moduko bloga, irakasleak sortua bertan hausnarketa egiteko bere jardueraz. Hor irakasleak hainbat lan egin ditzake:
  • Erakutsi bere esperientziak irakasle gisa.
  • Jakinarazi zer saio antolatzen diren irakasleak prestatzeko.
  • Xehetasunak idatzi irakas-unitate jakin baten gainean.
  • Kontatu zerk funtzionatu duen ondo ikasgelan eta zerk ez.
  • Aholkuak eskaini beste irakasleei.
  • Idatzi zer ikasi duen beste irakasle batzuengandik.
  • Azaldu zer intuizio dituen irakastearen inguruan.
  • Ideiak partekatu zer ekintza antolatu gelan gai jakin bat irakasteko.
  • Erakutsi zelan erabili hainbat teknologia ikasgelan.
  • Esploratu hainbat eta hainbat gai, irakaskuntzarekin lotuak.
Gure artean bada blog bat ezaugarri horiek dituena: IKTeroak, Jakintza Ikastolako hiru irakaslek egiten dute —Mikel Etxarri, Maite Goñi eta Jokin Lacalle—, eta informazio zein inspirazio iturri da beste irakasle askorentzat.

2008/06/25

Etorkin digitalak

Geu gara etorkin digitalak, irakasle gehienok, mundu analogikotik baikatoz. Marc Prensky-k dioen moduan, etorkin digitalok ezin dugu geure azentua ezkutatu: askok inprimatu egiten ditugu mezu elektronikoak irakurri aurretik, txekeak erabiltzen ditugu edozer ordaintzeko, edo telefono aurkibideetan begiratzen dugu telefono zenbaki bat jakin nahi dugunean.

Gure ikasleek ez bezala, zeinak gai baitira hainbat hedabidetara batera konektatzeko, gu ez gara oso abilak egiteko bat baino gehiago batera kudeatzen.

2008/06/24

Natibo digitalak

Horrela deitzen die Will Richardson pedagogoak gaur egungo ikasleei, natibo digitalak, gu baino trebatuago baitaude teknologia berriak erabiltzen, haiekin batera hazi direlako. Ikasle horiek jaio dira mundu batean tramankuluz betea: argazki kamera digitalak, ordenagailuak, sakelako telefonoak, bideojokoak… Gainera, gehienek erabiltzen dute bat-bateko mezularitza, fotolog bat dute, eta, askok, eremu bat MySpace gunean.

Adituek diote gazte horiek beste modu batean pentsatzen dutela, garatu baitituzte buru hipertestualak, salto egiten baitute informazio batetik bestera, beren egitura kognitiboak paraleloak bailiran, ez sekuentzialak.

Ondorioa: gazte horiei ezin diegu irakatsi modu linealean, azken ehunka urteetan irakatsi den moduan, irakasle oholtzaren gainean, eta ikaslea behean, erabat aspertuta.

2008/06/23

Blogak, proiektuen oinarri Huhezin

Ikasturte honetako bigarren lauhilekoan, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearen Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek, 1. mailakoek, proiektu bat egin dute, komunikazio proiektu tematiko bat sarean, blog bat. Proiektu horren helburua izan da proiektu erreal bat egitea, hau da, ikasleek lanean izan dezaketen lan eskakizun bat ikasgelan bertan praktikatzea.

Proiektu diziplinartekoa
Proiektu honetan bost ikasgai uztartu dira:
  • Idatzizko Informazioa eta Komunikazioa I.
  • Komunikazioaren Teoria eta Informazioaren Teoria I.
  • Web 2.0.
  • Ingelesa.
  • Lengua.
Ikasgai bakoitzean ikasleek epe batzuk izan dituzte hainbat testu mota sortu eta zuzentzeko: elkarrizketa, albistea, erreportajea, kronika, azalpena, iritzi artikulua eta soslaia. Ondoren, Web 2.0 ikasgaia erabili dute materiala blogean argitaratzeko. Testu mota horiek aberastu egin dituzte, beste era bateko baliabideak erabilita: argazkiak, bideoak, loturak, audioak eta mapak. Bukaeran, talde bakoitzak aurkeztu egin du lanaren emaitza, horretarako Google Docs aplikazioa erabilita.

Blogak